Garbigune bat egitearen ideia, seguruenik, Atez ate programa eta errauskailuaren eztabaidak indartuta dator. Alararrek aspaldidanik defendatu izan du zabor-bilketa hobe eta eraginkorragoaren beharra, eta hortaz, Garbiguneak bezalako ekimenak ere babesten ditu, besteak beste.
Arazo nabariena, Garbigunearen kokalekuan dago. Gaur egun egokiena izan daitekeena, etorkizun batean, agian, ez litzake horrela izango. Konkretuki, Hondarribia zabaltzen ari den eremuetan egitea erabaki du udalak, etorkizunean eraiki daitezkeen etxebizitzak guztiz baldintzatuz. Ez da behar bezala landu onartu berri den kokapena. Beste hainbat gauza egitea galaraziko du Garbigunea leku horretan ezartzeak.
Udal Gobernuak ez ditu gauzak behar den seriotasunarekin landu eta garatzen. Horren lekuko, ia duela 15 urte onartu zen hirigintza araudia dugu (Ordezko Arauak). Zaharkitua; ez die erantzuten Hondarribiak gaur egun dituen beharrei. Gainera, ordutik onartu diren legediak ez dira aplikatzen, eta onurak besterik ekarriko ez lituzkeen eskakizunak baztertzen dira (Babes Ofizialeko etxebizitza gehiago, parke eta plaza gehiago…).Irunek egin duen bezala, Hondarribiak ere hirigintza araudi berria behar du: Plan Orokorra. Herriaren etorkizuna behar bezala planteatu eta erabakitzeko. Hirigintza planteamendu askoz ere serioagoa, landuagoa, pentsatuagoa eta eraginkorragoa. Garbigunea ongi pentsatutako lekuan egiteko, etorkizuneko auzoak ongi egiteko eta, batez ere, herri hobeago bat edukitzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario