Hondarribiko udalak 500.000 € aurrekontua onartu du bidegorriak egiteko. 900 metro bidegorri egiteko, zehazki. Ia erdia (175.000 €) udalak berak ordainduko du, eta gainontzekoa Feder Europako erakundeak, Circuldouce sarearen baitan (Baiona-Iruña ibilbidea). Gipuzkoako Foru aldundiak ere etorkizunean lagunduko omen du, Irun-Hondarribia lotzeko.
Baina Hondarribitik zehar egingo den kilometro eskasa aztertu dezagun. Bidegorri hori nola egingo da?
Eman dezagun 2,5 metro zabaleko bidegorria egin nahi dugula. Egokia eta erosoa, txirrindan ibiltzeko:
- Oinarria edo bidegorriaren azpialdea: 20 €/m2 x 2,5 m = 50 €/ml
- Asfaltoa, nahi den kolorekoa: 20 €/m2 x 2,5 m = 50 €/ml
- Ertza edo bordilloa, harrizkoa: 60 €/ml
Beraz, bidegorrian ibiliko garen metro bakoitza 160 € kostatuko zaigu. Eta ibilbidea 900 metro direla kontuan edukita, guztira 900 x 160 = 144.000 € kostatuko du ibilbide osoak.
Tira, hori kalkulatu ondoren, alkateak komentatu dezake, agian, ba, oinezkoentzako espaloi zabal bat edukiko duela ondoan, Hondartza kiroldegi aurrean bezala. Jar dezagun denera 5 metro zabal izango dela (oinezkoentzat 3,5 metro):
- Bidegorria, kalkulatu duguna: 160 €/ml
- Oinarria: 20 €/m2 x 3,5 m = 70 €/ml
- Ertza edo bordilloa, harrizkoa: 60 €/ml
Hau da, 290 €/ml ibilbide osoan (900 metro) eta guztira 261.000 € kostatuko luke, oinezkoentzat kriston paseoa eginda bidegorriaren ondoan.
Hortaz, nolatan 500.000 € eskatu behar direla? Eskatzea libre da, Europak berehala jarriko ditu mugak, baina… udaletxeak jarri behar zituen 175.000 €-ak zer? Beharrezkoak dira, ala ez da serioa iragarri duena udaletxeak?
Eta larriagoa dena, zergatik 900 metro bakarrik? Gipuzkoako Foru Aldundiak egin behar omen du falta den zatia Irunekin lotzeko… eta udalaren 175.000 €-ak behar bezala erabiliaz lanak aurreratuko balitu Hondarribiko udalak?
Aspaldi eginda egon behar zuen Hondarribia-Hendaia bidegorri zatia, Circuldouce sarean egon edo ez. Eta ez du balio ardura gainontzeko erakundeei egoztea.